Berriak

2urr
ESKUZKO PILOTA PROFESIONALAREN ARAZOA DELA ETA, EUSKAL FEDERAZIOEN KOMUNIKATUA Kirola

ESKUZKO PILOTA PROFESIONALAREN ARAZOA DELA ETA, EUSKAL FEDERAZIOEN KOMUNIKATUA

Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak, Arabako eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federakuntzekin batera, Eskuzko Pilota profesionalaren arazoaren inguruko idatzia kaleratu dute.

Azken asteetan publiko egin den Esku Pilota profesionalaren arazoak direla eta, hainbat eragilek eta Baiko Pilota enpresak publiko egindako idatzietan, Federakuntzen gain esan direnak argitu nahian, Euskal Pilota Federakuntzek ondorengoa adierazi nahi dugu:

Idatzi hau sinatzen dugun pilota Federakuntzek, gaur egun Euskal Pilotak oro har eta baita Euskal Pilota profesionalak bizi duten egoera, kezkaz bizi dugu. Gure nahiaren kontra, Euskal Pilota Federakuntzek ez dugu Esku Pilotako enpresa profesionalekin inongo harremanik (lizentziak, formazio eskubideak, epaileak, Euskal Pilotako garapen programak…) baina gure kirola kudeatzeko daukagun erantzukizun publikoa kontutan hartuta, ondorengoa adieraztea erabaki dugu: 

  • Azken urteetan, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak lurraldeko hiru Federakuntzekin batera, elkarlanerako proposamena luzatu diegu hainbat alditan Eskuzko Pilota Enpresen Ligari, inolako erantzunik jaso gabe. Proposamen honek erakunde bien arteko lan talde bat osatzea zuen helburu, ondoren, egoeraren azterketa bat egiteko eta hori zehaztuta, ekintza plan bateratu bat aurrera eramateko. Proposamen horretan, Euskal Pilota Federakuntzek, ezinbestekotzat ikusten genuen ekintza konkretu batzuk elkarrekin martxan jartzea, hauek, oinarrizko Euskal Pilotan eta etorkizunean, beraiengan, eragin positiboa izango zutelako: 
    • Atzemate-programak.
    • Teknifikazio-programak.
    • Formazio eskubideak berreskuratzea.  
    • Beste eragile batzuekin batera, Euskal Pilotaren egun bat elkarlanean antolatzea.
    • Pilotari afizionatu eta profesionalen arteko txapelketa mixtoak antolatzea. 
  • Argi dugu, azken asteetan sortutako arazoa, enpresa eta langileen artekoa dela, eta Euskal Pilota Federakuntzek ez dugula horretan eragiteko aukerarik. Hala ere, arazo honek sortutako giro txarrak galera baino ez dio ekartzen oinarrizko pilotari eta oro har pilota munduari.
  • Agiri honetako sinatzaileok, Esku Pilota profesionala kudeatzen duten enpresei, ondorengo hau eskatzen diegu:
    • Enpresa eta langileen arteko arazo hau bideratzeko ahalegina egin dezatela.
    • Azken urteetan egindako elkarlanerako proposamena hitzarmen baten bidez gauzatzea, Euskal Pilotako eragile guztiek bide beretik lan egiteko helburuarekin. 
  • Egoera zail hau bideratzen laguntzeko prest gaudela adierazi nahi dugu. 

 

Bizi dugun egoera honek inori ez dio mesederik egiten (ez enpresa, ez pilotari, ez pilota elkarte, ez pilotazale…) eta zentzuz jokatzen ez badugu, lehenik ere bere onenean ez dagoen gure kirolak izango dituen ondorioak oso gogorrak izango dira. Horregatik, gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu egoera hau bideratzeko.

 

Erantsitako artxiboak